Liburuxkak

Inprimatutako testuak dira liburuxkak, orri gutxikoak, eta dibulgazio- edo publizitate-tresna gisa erabiltzen dira. Liburuxka, funtsean, modu erraza eta ekonomikoa da enpresa, produktu edo zerbitzu baten publizitatea egiteko edo, besterik gabe, marka-irudi bat bultzatzeko.

Liburuxkak posta tradizionalaren bidez banatu daitezke, postontzietan sartuz, egunkari edo aldizkari batean sar daitezke, edo zuzenean eman ahal zaizkie bezeroei.

Oro har, liburuxkek testu laburrak izaten dituzte, hizkuntza soil eta zehatz batean idatziak, eta grafikoak eta argazkiak, diseinu erakargarri batekin.

Formatua

Liburuxkak edozein formatutan inprima daitezke, behar den neurrian; gehienetan edukiaren eta/edo diseinuaren arabera aukeratzen dira formatua eta neurriak. Nolanahi ere, formatu irekiaz eta formatu itxiaz hitz egin behar dugu; hau da, liburuxkak tolestu aurretik eta tolestu ondoren dituen neurriez.

Hona hemen liburuxkarik ohikoenak:

  • Eskuorria: Formatu txikiko liburuxka, tolestu gabea (2 orrialde).
  • Diptikoa: Erditik tolestutako edo bi ataleko oinarrizko liburuxka (4 orrialde).
  • Triptikoa: Hiru ataletan tolestutako liburuxka (6 orrialde). 
  • Kuadriptikoa: Lau ataletan tolestutako liburuxka (8 orrialde).
Inprimaketa

Eskuarki, liburuxkak bi aldeetatik inprimatzen dira, modu hauetako batean:

  • koloretan (kuatrikomia)
  • beltzez
  • bi koloretan
  • Pantone koloretan
  • aurreko guztiak konbinatuta

Zenbaitetan, Pantone koloreak edo tinta bereziak erabiltzen dira, kolore-sorta zabaltzeko, kolore deigarrien bidez arreta emateko, edo, besterik gabe, enpresa edo erakundearen kolore korporatiboak izateko.

Orobat, liburuxkei aparteko balio erantsia emateko, akabera-teknika hauek erabil ditzakegu, besteak beste: estanpazioa, UVI berniz selektiboa, drip off berniza, plastifikatua/laminatua eta lehorreko hatza.

Teknika horiek diseinu on batekin konbinatuz gero, askoz liburuxka erakargarriagoak sor ditzakegu, eta marka-irudi ona transmititzea lortuko dugu.

Euskarria

Liburuxkak inprimatzeko, askotariko euskarriak erabiltzen dira, baina, oro har, paper iztukatuak, offset papera eta paper birziklatuak erabiltzen dira.

Paper berezietan ere inprima daitezke liburuxkak, bai gure lehiakideetatik bereiziko gaituen akabera ematen saiatzeko, bai, besterik gabe, emaitza originala lortzeko. Oso ohikoa da hori, batez ere, enpresen irudi-liburuxketan.

Liburuxkak inprimatzeko, gramaje asko erabil daitezke. Gramaje egokia aukeratzeko, liburuxkari emango zaion erabilera hartu behar da aintzat.
Liburuxkak posta arruntez bidali behar badira, oso kontuan hartu behar da erabili beharreko gramajea; izan ere, gehiegizkoa erabiliz gero, bidalketen tarifa garestitu egin daiteke, zenbait kasutan.

Gehienetan, gramaje ertainak eta handiak erabiltzen dira, 135 eta 350 gramo bitartekoak. Hala ere, ez dago mugarik alde horretatik. Aukeran dauden gramaje guztiak hauta daitezke liburuxkak inprimatzeko.

Aholkuak

Liburuxkak inprimatu aurretik, hainbat gauza hartu behar dira kontuan:

  • Formaturik egokiena aukeratzea, sartu nahi dugun informazio-mota aintzat hartuta. Formatu txikiegia erabiliz gero, liburuxka oso nahasia izango da, datuak ez baitira erraz ulertuko.
    Formatu handiek gure diseinua nabarmenduko dute, eta errazagoa izango da datuak liburuxkan behar bezala antolatzea eta, hortaz, irakurtzea.
  • Euskarri egokia erabiltzeak asko lagundu dezake produktuaren kalitatea hobetzen. Ildo horretan, paper bereziak erabiltzea kontuan hartu beharreko beste diseinu-faktore bat da.
  • Liburuxka laminatzea oso gomendagarria da, marraduretatik babesteko eta egunero arazorik erabili ahal izateko. Batez ere, atzealde ilunak edo tinta asko dituzten liburuxketan komeni da hori.
  • Paperaren gramajea 170 g-tik gorakoa duten liburuxka guztietan, arraildura egitea, tolestean papera hautsi ez dadin.